Irakur

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2019ko mar. 28a, 10:25

"Talde horri esker ezagutu ditut Virginia Woolf, Alice Munro, Doris Lessing..."

Gurasoen etxeko egongelako apalategia, eta han hiru liburu: Gorkiren La madre, Cien años de soledad eta Reinhold Messner-en Everest sin oxígeno. Horixe da abiapuntua, horiexek dira haurtzaroko lehendabiziko oroitzapen literarioak. Orduko hartan, dena den, Midas erregearen istorioa eta Patxi errementari ziren nire kuttunenak. Zenbat aldiz ez ote zizkidaten irakurri ipuin haiek? Eta gero etorriko ziren Momo eta denbora lapurtzen ibiltzen ziren gizon grisak, eta Txarlie eta txokolatezko fabrika zoragarri hura eta Patxi Zubizarretaren Gutun harrigarri bat...

Institutuan hasi nintzenerako irakurle amorratua nintzen, baina gehienbat gaztelaniaz irakurtzen nuen. Halakoren batean, ordea, ez dakit nork (eta nor izan zen jakitea gustatuko litzaidake, eskerrak emateko) Babilonia irakurtzeko esan zidan, eta orduantxe ireki zen beste ate garrantzitsu bat: euskal literaturarena, alegia. Eta haren ondotik etorriko ziren Narrazioak, Obabakoak, Otto Pette... Eta kuttunenen zerrendan sartu nituen, Ignatius Reillyren xelebrekeriekin eta Montecristoko kondearen abenturekin batera, besteak beste.

Dena den, ez al duzue orain arte kontatukoan hutsunerik nabaritzen? Non dira emakumezko idazleak? Nire irakurle-ibilbidea gizonez josita zegoela jabetu nintzen, eta hori nolabait konpontzearren Feminist agenda euskal literaturan zeritzon irakurle-talde batean eman nuen izena. Orain bost urte sortu zen eta Gasteizko hainbat gizarte-etxetatik igaro eta gero, Etxanobe dorretxeko Emakumeen Etxean daukagu orain aterpe. Hitzordua: hileko lehenengo asteazkenean, arratsaldeko zazpietatik bederatzietara. Eta protagonistak: emakume idazleak, jatorrian euskaraz idazten dutenak edo haien obra euskarara itzulita dutenak. Eta talde horri esker ezagutu ditut, besteak beste, Virginia Woolf, Alice Munro, Doris Lessing, Toni Morrison... eta horiek guztiek euskaraz egiten didate, gainera.

Nik ez dut izan gidaririk, ez dut izan literaturaren zirrikituetan akuilu lana egin didan inor, baina ziurrenik jende askok eskertuko luke halako figura bat, halako laguntzaile bat, eta batez ere haurtzaro/nerabezaroan. Literaturara zaletuko dituen norbaitez ari naiz. Baina ofizialki horrelakorik sortzen ez den bitartean, ingurukoei kaparrada ematen jarraituko dut eta zer irakurri beharko luketen gomendatzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago