Amona

Erabiltzailearen aurpegia

"Heldu da erabakia hartzeko unea: ama egoitza batera eramango dute"

90 urte ditu. Eta hamar inguru daramatza alzheimerrak jota. Hasieran, barre ere egiten zuten haren hanka-sartzeekin, anekdota askotarako iturri izan ziren. Gero, pixkanaka-pixkanaka, baina etenik gabe, kontua larriagotzen hasi zen: txikitako kontuak eta abestiak bakarrik gogoratzen zituen, ez zekien non zegoen, senideen izenak ahaztu zituen… Eta prozesu horretan sartuta daramatza, esan bezala, hamar urte inguru. Itzaltzen ari da, bai, baina gainbehera, sufrimendua, asko ari da luzatzen.

Seme-alabek euren eskuetan dagoen guztia egin dute ama etxean zaintzeko. Zaintzailea izan du, eguneko zentro horietako batera joan da, asteburuetan txandaka ibili dira ama zaintzen… Baina, esan bezala, 10 urte urte mordoa dira. Ama gero eta okerragoa dago, gero eta makalaldi gehiago ditu, eta ezinezkoa zaie orain arte bezala jarraitzea. Heldu da, beraz, erabakia hartzeko unea: ama egoitza batera eramango dute. Eta orduan sortzen da, automatikoki, euren erabakia gizartearen aurrean justifikatzeko (edo nahi bada, zuritzeko) beharra. Ahal dutena egin dutela, baina egoerak atzera bueltarik ez duela… Zergatik, baina, justifikatzeko behar hori? Izan ere, umeak bizpahiru hilabeterekin eramaten dituztenean haur-eskoletara inork ez du ezer esaten, inork ez die gurasoei utzikeriarik leporatzen. Gizartearen begietara, zergatik izan behar dute desberdinak bi egoerak? Zaharrak egoitzetara eramatea abandonutzat jotzen dute oraindik askok. Ume txiki-txikiak (jaioberriak kasik) haur-eskoletan uztea ere abandonutzat al daukate? Ezezkoan nago. Edonola ere, nor gara gu inoren erabakiak epaitzeko?

Eta hemendik aurrera amona egoitzan bisitatu beharko dut, eta gogorra izango da, badakit. Baina gogorra bizitza bera nola itzaltzen den ikustea da, zahartu egiten garela, alegia. Izan ere, zaharren eta umeen artean bada, bai, diferentzia ageriko bat: egoitzara daramaten amonari egiteko ezer gutxi geratzen zaio dagoeneko; haur-eskolan dagoen umeak, ordea, bizitza osoa dauka aurretik. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide