"Maitasuna eta komunismoa, biak dira kontu zailak; eta gerta liteke, bai, maitasunak, komunismoak bezalaxe, amaiera tragikoa izatea. Izan ere, iraultzak bezala, maitasunak ere, mundu berri baten sorrera eragiten du.
[…] Lenin ez bezala, Che Guevarak kasik lortu zuen maitasuna eta iraultza uztartzea. Chek zera erakutsi zigun: maitasunak ez duela nahitaez mehatxu izan behar iraultzarako. Aitzitik, maitasuna baztertuz gero, ziurrenik Urriko Iraultzaren edo Irango Iraultzaren modu berean amaituko genuke".
Udako arratsalde sargoritsu bat da, bai, eta demagun igerilekuan nagoela —Mendizorrotzan, esate baterako— Srecko Horvat kroaziar filosofoaren La radicalidad del amor irakurtzen. Liburua, bide batez, Iruñeko Katakrak argitaletxearena da, eta doakie hemendik nire eskerrik beroena gaur egun nazioartean puri-purian dauden pentsamenduzko liburuak gurera ekartzeko egiten ari diren lan eskergatik, eta ez bakarrik gaztelaniaz, euskaraz ere lan egiten dute-eta.
Igerilekua jendez lepo dago, soropila toallez josita. Familia ugarik inguratzen naute, eta etxe barruko dramak gu guztiokin partekatzeko asmo argia dute. Alabaren batek ez du bazkaldu; ez du amonak gurasoei prestatuta utzi dien oilo-zopa jan nahi izan, eta horregatik ez diote izozkirik erosiko; ez omen du merezi. Eta orduantxe negarrez hasten da, noski. Egoera horretan, ezinezkoa da kontzentratzea eta liburua alde batera utzi, krema apur bat eman eta ahoz gora etzaten naiz. Zaratak zarata eta negarrak negar lo hartzea lortzen dut. Baina, halako batean, tanta bat, beste bat… Zaparrada hasi da, bai, eta jendea arrapaladan ateratzen da uretatik, traste guztiak azkar-azkar bildu eta zurrunbilo bete-betean joaten dira babes bila.
Horvatek eta iraultzei buruz ikertu izan dutenek nahi dutena esango dute, baina ez dago udako zaparrada bat baino gauza iraultzaileagorik eta are demokratikoagorik, guztiok berdintzen gaitu-eta naturaren indar basatiaren aurrean.