Aurten kale egin dut martxoaren 3ko Gasteizko hilketak ez ahazteko urtero egiten den ekitaldira. Ez litzateke bidezkoa, beraz, sentitu ohi dudan emozioari buruz hitz egitea; besteren batean idatziko dut horri buruz. Hilabeteak izan ditu, baina, orain arte, beste bi protagonista, eta haiei eskerrak eman nahi dizkiet.
Eskerrik asko, bai, iragan martxoaren 8ko planto “mundiala” prestatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministari. Luzaroan egindako lanari esker, kaleak aldarrikapenez betetzea lortu zenuten, eta behingoagatik emakumeok izan ginen protagonista. Geure buruaren jabe eta elkar hartuta, egun hura anekdota huts bilaka ez dadin borrokatzeko hauspoa eman diguzue. Ederra izan zen askotariko emakumeak ikustea kalean, haiekin barre egin eta hunkitzea. Egun horretan sumatu zen indarra bideratzeko unea da orain. Bakoitzari dagokio, egunerokotasuneko keinu txikienetik abiatuta, errealitatea aldatzen hasteko (edo jarraitzeko) urratsak egitea.
Eskerrik asko, baita ere, Paul Urkijo eta ekipo guztiari Errementari filma egiteagatik eta nire haurtzaroko pertsonaia kuttunetako bat pantaila handira eramateagatik. Sinistutako nago amari etengabe irakurrarazten nion Patxi Errementaria ipuina eta Axut sail mitiko hartako kontakizunak, oro har, funtsezkoak izan zirela nigan irakurzaletasunaren grina pizteko. Horregatik poztu naiz eman diguzuen produktua ikustean: jatorrizkoaren tonu jolastia errespetatuta, XIX. mende hasierako Euskal Herriaren mosaiko ederra osatu duzue, orduko beldur, sinismen eta kondairez josia. Ipuin gotiko bat Londresen edo Ingalaterra Berriko etxalde batean ez eze, Korresen edo AntoÒanan ere girotu daitekeela erakutsi duzue. Christopher Walken bururik gabeko zalduna eta Doug Jones faunoa nola, halaxe geratuko dira gure oroimenean Kandido Urangaren eta Eneko Sagardoiren pertsonaiak. Bejondeizuela!