Urtarrilaren amaiera. Jone Goirizelaia, Iñaki Iriondo eta Iñaki Soto epaitu dituzte ustez Ugarteko ertzainburuaren ohoreari erasotzeagatik. Cabacas auziko lehenengo epaiketa zein izango, eta auzia argitzen saiatu direnen aurka, egia azaleratu nahi izan dutenen aurka. Patxi Zamora Nafarroako Kontuz plataformako bozeramailea lanetik bota dute. Iberian lan egiten zuen, hegazkin zerbitzari gisa, baina Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena ukatu dio, eta izapide hori, baimen hori, nahitaezkoa denez hegazkinetan lan egin ahal izateko, aire-konpainiak kaleratu egin du.
Nafarroako ustelkeria kasuak ikertu eta mahai gainean jarri ditu Kontuz plataformak. Ez al dario, bada, kasu horri mendeku usaina? Ala kasualitate hutsa da?
Enpresari batek San Prudentzio, General Alava eta Dato kaleen arteko eraikin multzo bat erosi du, eta han lokalak prestatu eta erdigunearen benetako biziberritzeari inolako mesederik egingo ez dioten konpainiei salduko dizkie. Horrelako proiektuak interesgarriak omen dira Udalarentzat, ez, ordea, Errekaleorren modukoak.
Ederto! Chapeu! Katalunian, Espainiako Gobernuak antolatutako hauteskundeetan babes handiena lortu duen hautagaiak ezin du president izan. Ezin du kargua hartu Bruselatik, baina Bartzelonara badoa, Parlament-era hurbiltzen bada, atxilotu egingo dute.
Esan bezala, urtea hasi baino ez da egin, eta botere faktikoek bereari eusten diote: disidentzia zapaldu eta euren kordakoak, artaldeari atxikitzen zaizkionak, txalotu edo are saritu. Urtarrilaren amaiera da, bai, eta honezkero emakume bat hil dute eta euskal preso baten senideek istripua izan dute. Errefuxiatuen dramak bere horretan darrai, munduko aberatsen eta pobreen arteko arrakala gero eta zabalagoa da eta gerra-hotsa ez apaldu ez Ekialde Hurbilean ez munduan, oro har… "Bizitzak emandako plazer txiki horiengatik ez balitz…" zioen Hertzainak-en abesti ezagun batek. Horietako bat da niretzat zinema, eta hona hemen, bada, urte hasiera hau apur bat goxatzeko hiru gomendio, oraindik aretoetan egongo dira-eta: Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, The papers eta Call my by your name. Urte berri on!