Osaba-izebek VHS irakurgailua zuten (irakurle gazteenek ez dute jakingo hori zer den, baina esan dezagun DVDaren aurretik egon zen sistema izan zela), eta haien etxera joaten ginen lehengusu-lehengusinak bideoak ikustera. 80ko hamarkada zen. Film andana ikusi genuen, baina nik Robocop daukat gogoan bereziki. Eta, egia esan, ez dakit zergatik geratu zitzaidan oroimenean iltzatuta, ikusi nuenean ez baitzitzaidan bereziki gustatu. Ziurrenik txikiegia nintzen ezer ulertzeko. Filma, denbora igaro ahala, zientzia fikzioaren klasiko moderno bilakatu zen, eta ukaezina da zenbait gai interesgarri jorratzen dituela: komunikabideen manipulazioa, gentrifikazioa, ustelkeria politikoa, pribatitazioa, kapitalismoa, maskulinitate-ereduak… Hain zuzen ere, Alfredo Remirez @erreharria amurrioarrak Twitterren eta beste hainbat tokitan salatzen dituen gai berberak. Osaba-izeba haiek Alfredoren gurasoak ziren, bai, eta nik harekin ikusi nuen Robocop. Alfredo kartzelaratze-agindu baten zain dago. Urtebete eman beharko du ziegetan, adierazpen askatasuna bermatzen ez duen eta disidentzia-mota oro zigortzen duen Estatu batek halaxe erabaki duelako. Pasa den larunbatean haren aldeko ekimen hunkigarri bat antolatu zuten orain bizileku duen Bilbo Zaharrean. Han izan ziren sortzaileak, bertsolariak, abeslariak, auzotarrak… Robocop eta biok ere parte hartu genuen, eta ozen esan genion maite dugula eta ez dugula bakarrik utziko.