alea.eus

Loteria

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2017-05-12 10:37   Iritzia

"Harenak ez dira negarrak eta egoera ez da hazi ahala hobetuko".

Ezin du hitz egin. Haren ahotik soinu inartikulatuak soilik ateratzen dira, oihu desatsegin moduko batzuk, mar-mar amaiezin bat. Ezin da ibili. Haren aitak bizkarrean hartu eta hala igotzen du etxera, eskaileretan gora, Sisifok harria nola. Eskerrak lehenengo solairuan bizi diren. Orgatxo batean eramaten dute batetik bestera, baina ez da ume txikia, 8-9 urte inguru ditu, eta koskortuta dago jada. Begirada galdua dauka, eta ahoa irekita beti. Eskuekin ere keinu arraro samarrak egiten ditu. Auzokoa dudan arren, ezer gutxi dakit hari buruz. Zer izen du? Zer demontre dauka? Nola deitzen da haren gaitza? Errazagoa da gurasoei agur azkar bat egitea eta ziztu bizian alde egitea etxeko ataritik. Galdera horiek morbo hutsagatik egiten ari naizela pentsatuko dute eta gaizki hartuko dituzte, hori da neure buruari esaten diodana. Baina nik uste aitzakia hutsa dela hori, eta ez diedala galderarik egiten, hain zuzen, ez dudalako jakingo nola jokatu. Hasieran, familia hori gurera aldatu zenean, beheko etxera, zehazki, ez nekien zein zen gauean loa eragozten zidan hori. Negar batean bizi zen ume jaioberria zela uste nuen. Oker nengoen. Harenak ez dira negarrak, eta, tamalez, haren egoera ez da hazi ahala hobetuko. Guraso horiei, beste askori bezalaxe, loteria egokitu zaie, baina inork nahi ez duen saria irabazi dute. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa