Araba hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen bide bati buruz hitz egin nahi dizuet. Gure lurraldeko hamaika txoko eta altxor ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu, eta marka gorriz eta zuriz behar bezala hornituta dagoenez, ez dago galtzerik. Oionen hasi eta Legutio eta Otxandio arteko parajeren batean uzten du atzean Araba, eta Bermeon edo Ondarroan (bi adar baititu) amaitzen da. Abiapuntu eta helmuga horietatik datorkio, beraz, izena: Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea; GR-38, alegia. Lehenengo etapak Oion eta Guardia lotzen ditu. Arabako Errioxako mahastiak dira protagonista, eta paseoaren amaieran hara non agertzen zaigun Guardia muino batean; zinez ederra ikuspegia. Bigarren etapa Guardian hasi eta Trebiñuko Albaina herrian amaitzen da. Denetarik du etapak: Puerto Toroko lepoa Toloño mendilerroan, Lagran igarota dagoen baso magikoa eta Lañuko kobazuloak. Hirugarren etapan, berriz, Estibalizera iritsiko gara. Okinako haitzartean gora, Azazeta inguruan dauden pagadi bukolikoak zeharkatuko ditugu. Arabako zatiaren azken etapa Estibalizen hasi eta Otxandion amaitzen da. Luze samarra denez, zatitzea komeni da. Lautadako urtegiak, Legutioko tren-geltoki zaharra... Eta bukaera aldera, Otxandiora iritsi aurretik, azken sorpresa: harizti zoragarri bat. Ibilbideak, gero, Durango eta Gernika aldera jotzen du eta, esan bezala, Bermeon amaitzen da, baina nik zati hori ez dut oraindik ezagutzen. Bururatzen al zaizue, hortaz, Arabako paisaien aberastasuna ezagutzeko bide hoberik?