Letrak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2016ko ira. 23a, 14:21

"Inor ezagutzen ez duzunean, babes ezin hobea ematen dizute liburutegiek"

Oso gustuko ditut postetxeak eta liburutegiak. Gutun-azalen eta liburuen joan-etorriak, letren truke horrek, badu poetikotik zerbait. Atzerrian bizi izan naizenean, beti joan izan naiz sarri bietara. Postetxera, arrazoi praktikoengatik batez ere, etxetik bidaltzen zizkidaten paketetxoak jasotzera; eta liburutegietara, berriz, babes bila. Babes bila, bai, hasieran, inor ezagutzen ez duzunean, aterpe eta kontsolamendu ezin hobea ematen dutelako beti liburutegiek. Oraindik ere, bidaiatzen dudanean, tokian tokiko liburutegietara joatea atsegin dut. Gainera, euskarazko edo euskarari buruzko zer liburu dituzten kontsultatu ohi dut, eta jakizue, bide batez, nahikoa zabalduta dagoela Europan zehar Orotariko Euskal Hiztegia. Hiri askotan gauza bera dira unibertsitateko liburutegia eta hirikoa, eta herritarrak ez du nahitaez unibertsitateko ikasle izan behar hango txartela eduki ahal izateko. Ea, ba, EHUko arduradunek ideia hori inportatzen duten eta Las Nieves-eko liburutegitik materiala mailegatzen ere uzten diguten hango ikasle izateari aspaldi utzi genionoi. Gasteizen, zorionez, beste hamaika liburutegi dago, baina nire kuttunena Florida parkekoa da. Eraikina bera ez da inondik ere polita, baina oso ondo hornituta dago. Hortaz, norbaitek isilean irakurtzeko aukera ematen duen taberna edo kafetegi bat irekitzen ez duen bitartean, hara joango naiz irakurtzera, liburutegietara irakurtzera joaten direnetakoa naiz-eta. Tren-geltokiak ere oso maite ditut, baina utzi ditzagun horiek beste baterako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago