Aquagym ikastaro bat egin dut, aurten, Aldabeko igerilekuan. Jorge kubatarra izan dugu irakasle, eta hark esana da Kubara lehenbailehen joatea komeni dela, estatubatuarrak eta kapitalismoa, irlan, bete-betean eta gupidarik gabe sartu aurretik. Sanferminekin ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. Hau da, ez dakit zenbat iraungo duen Asironen agintaldiak (onena opa diot, bide batez), baina hura amaitu aurretik joan beharra dagoela iruditzen zait. Azkenekoz, bizardunek ikurrin erraldoia udaletxearen fatxadaren aurrean zabaldu zuteneko hartan izan nintzen, eta aurten itzultzeko asmoa daukat, han sumatzen diren aire berrien lekuko bertatik bertara izateko. Iruindarrak hasiak dira beste jai eredu baten aldeko lehenengo urratsak egiten. Bejondeiela! Horregatik, bada, zutabe hau irakurtzen duzuenerako Iruñetik bueltan izango naiz. Han emango ditut uztailaren 6a eta 7a. Gasteizko eta Erriberako lagunekin batera, gaiteroen doinuak eta erraldoien kadentzia lagun, eta jota rantzio samarrekin hunkituta (izan ere, ez dakit jotek zer demontre duten, baina horiek entzun eta negar-malkotan hasten naiz), zerbaiten parte sentituko naiz. Zerbait hori zer den? Auskalo! Aberria, herria, ilusio absurdo samar bat, nostalgia hutsean oinarritutako ideia zaharkitu bat... Eta irailean ere, lagun batekin, Euskal Kostalde osoa, Baionan hasi eta Kobaroneraino, oinez egiten dudanean zera hori bera sentituko dut: zoriontsua naizela, une batez, munduko txoko batean.