Lehenengoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2016ko mar. 8a, 13:45

Estreinako zutabe batean norberaren burua aurkeztea tokatzen da

Data esanguratsuz beterik datoz martxoko lehenengo egunak. Martxoak 1: hitz egin nezakeen Otegiren askatzeaz. Bazen garaia! Preso jarraitzen duten beste guztiak ahaztu gabe, noski. Martxoak 3: hitz egin nezakeen duela 40 urte Gasteizen gertatutako sarraskiaz, ordezkari politiko batzuen ezetza dela-eta Lluis Llach hiriko seme kuttun izendatu ez izanak sorrarazten didan auzo-lotsaz edo, egun horretan, urtero lez, Zaramagako oroigarriaren aurrean botako ditudan malkoez. Martxoak 8: hitz

egin nezakeen berdinta- sun ezaz, lan eta bizi-baldintzetan dauden aldeez, urtez urte errepikatzen diren aldarrikapenez, askoren ezaxolaz, leundu beharrean larriagotu egin den emakumeen aurkako indarkeriaz... Baina, ez, hau nire estreinako zutabea da, eta gai potoloegiak dira horiek. Izango dira, bai, horiei buruz luze eta zabal idatziko duten lagun jantziagoak. Estreinako zutabe batean, antza, norberaren burua aurkeztea tokatzen da, AleAk eskaini didan txoko honetan zertaz arituko naizen azaltzea.

Forondako Atetik hartu, iparralderantz, A-68 errepidean aurrera egin, Aiurdingo tunela igaro, Altubeko mendatea jaitsi... horixe da sorterrira joateko egin behar dudan bidea. Baina nire asmoa ez da Aiaraldeaz hitz egitea, edo ez soilik Aiaral- deaz. Gidari turistiko frustratua naizen honek Araban barna geografia sentimental apur bat egitera gonbidatzen zaituzte. Gustua baduzue, beraz, hurrengora arte! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago