Iritzia

Euskararen Hiria Gasteiz!

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2024ko urr. 17a, 18:29

'Patata minak' antzezlana. Argazkia: ALEA

"Orain, 'erabileraren aroan' murgiltzea da aurrera egiteko behar dugun jauzia"

Euskararen ezagutza goranzko joeran ikusi dugu azken urteotan, eta Gasteiz eta Araba horren adibidez ezagun eta aitortuak dira, baina erabilera igo arren, geldialdi zantzuak atzematen dira, eta erabilera biderkatzeko aukerak eta beharrak baditugula bistan da.

Euskal hiztunon gehiengoa ingurune erdaldunetan bizi gara, horrek dakarren atomizazio eta bakardadeaz, eta euskaraz aritzeko aukera mugatuak ditugu. Gainera, adituek diote gaitasuna ahul daukagula, gehiengoak gazteleraz edo frantsesez errazago egiten baitu euskaraz baino.

Bestalde, ikerketa soziolinguistikoek erakusten digute eroso zaiena baino gehiago erabiltzen dutela hiztunek euskara, hau da, euskaraz aritzeko motibazioa izan badugula.

Orain arte kontatutakoa ezagun egingo zaizu, irakurle, azkenaldian euskalgintzan konpartitzen den diagnostiko eta irakurketaren laburpena baita.

"Egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea da"

Aurreko belaunaldiaren lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea da, "erabileraren aroan" murgiltzea baita aurrera egiteko behar dugun jauzia.

Eta Gasteiz Euskararen Hiria ekimena testuinguru horretan ulertzen dugu. Euskaren erabileran eragin nahi duen egitasmoa delako, euskara kalera, erdigunera ekarriko duena, 12 orduz etengabe euskaraz bizitzeko aukera emango diguna gasteiztarroi.

Gasteizko euskalgintzaren beraren egitasmoa delako gainera, euskaltzaleen mugimenduak berak pentsatu, diseinatu eta antolatu duena. Esan beharrik ez, tokiko eragileek dutela beraien errealitatearekiko konexio zuzena, beraien inguru euskaltzaleen sarearen ehuna direla eta bestelako biztanleak euskarara hurbiltzeko gakoak izan ditzaketenak.

Eta, onartuko didazu irakurle, zutabetxo honen izenburuan jarri dudan harridura marka, ezin izan diot eutsi, pozik bainago Gasteizko euskara familiako kide izateaz eta harro sentitzen naizelako nire GEU maitea ekimen honen gidari ikusteaz.

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago