Askotan eguna, momentua, errealitatea, monotonoa begitantzen zaigu (lanera bidean autobusean noala nabil testu hau idazten, egin kontu) baina aldaketak egon badaude, ezinbestean, eboluzioa gidari.
Aldaketak aurreikusitakoak, ezinbestekoak ala ezustekoak (Murphy gure laguna da) izan daitezke. Era berean, emaitza positibo, erdipurdiko edo negatiboak izan ditzakete. Beste gauza bat da emaitza horiek nola liseritzen ditugun, izaera kontua tarteko.
Klasikoa eta ezaguna da Giuseppe Tomasi di Lampedusa nobelagileak Gattopardo eleberrian idatzi zuen "dena berdin jarraitzea nahi badugu, dena aldatzea beharrezkoa da" esaldia. Testuinguru politiko baterako esaten bazuen ere, bizi-filosofia oso bat irudikatzen du.
Azkenaldian, aldaketak larritasunetik bizi ditugu, aldaketa klimatikoa, aldaketa politikoa (beti gatazkatsua)... zenbat aldiz esan, idatzi edota irakurri ote dugu "gizartea aldatu egin da", ziztubizizko erritmoan, bertigoa emateraino.
Halaber, bada aldaketa mota bat aspalditik gertatzen dena baina gutxi ezagutzen duguna. Ana Galarragaren zutabeari (Berria 2022-09-16) esker jakin dugu bost animalia-espezietan bakarrik gertatzen dela, hain zuzen, hauei eragiten die: orkei, narbalei, belugei, kalderoiei eta gizakiei. Harrapazank! Ze aldaketa ote da hori, itsas ugaztunekin berdintzen gaituena?
"Aldaketa", halaxe deitzen zion amonak menopausiari. Eta, zer den bizitza, norberari (ez oso berandu) eragingo dion aldaketa izanik, oso deigarria egin zait Anak zutabean kontatzen diguna: oraindik ere, gutxi ezagutzen den aldaketa fisiologikoa dela; ez hori bakarrik, desinformazio, sineskeria, ezjakintasun eta estigma (ze egokia terminoa) ugari daudela bere inguruan.
Beharrezkoa eta gizalegezkoa delako, menopausiari buruz gehiago ikertu beharko litzateke eta informazio zentzuzko eta argia zabaldu, ezinbestean datorren aldaketa naturala eta gidatua izan dadin... Informazio eske ez gara ba orkengana joango, ezta?