Bero egiten du. Bigarren astea 25 gradutik gorako tenperaturak ditugula. Beroaz gain baditugu ere eguzkia eta zeru urdinak, ilargi eklipsea ikusteko gau argiak, udako ekaitzak trumoi, tximista eta guzti…
Seguru irakurle, zure inguruan dagoeneko komentatu duzula ea ez ote den hau "Gasteizko uda". Jakin badakigu, behar duena baino lehenago bero egiten badu (beno, bai, klima aldaketaren gorabeherak aparte) uda bizarroa izango dugula.
Mark Twainek esan omen zuen San Frantziskoko uda batean igaro zuela bere bizitzako negu hotzena eta, ez dut asko exajeratuko batzuetan Gasteizen ere hala izaten dela. Ez daukat ahazteko Zeledonen jaitsieran txingorra izan genueneko hura edo txosnetan 10 gradutan egon izan garen jaietako urte batzuk.
Ez pentsa, Gasteizko udak maite ditut, gauerako "rebekita" hartuta irten behar zaren horiek, lo egiteko mantatxo bat jartzen duzunekoak. 25 gradutik jaisten ez diren gauak ez dira Gasteizkoak, beste nonbaitetik immigratu dute, klima aldaketarekin batera, akaso.
Euskal atsotitz eta lokuzioen artean begira egon naiz, denboran aurreratuta eta aste pare bat irauten duten "mikro-uda" horiei buruzko erreferentziarik agertzen ote den. Gotzon Garatek jasotako atsotitzak Intza proiektuan eta Justo Mokoroaren bildumetan (Ez dituzula ezagutzen? Sarean daude, altxorrak dira!) bero hitza begiratu eta giroaren tenperaturaz gain, termino horrek beste hainbat sarrera dituela ikasi dut, bata bestea bezain ederra: arnasa berotu (nekatu), bero-bero egin (jo), aulkia berotu (alferkerian egon), barrua berotu (edan), belarriak bero ukan (egia latzak entzun), beroa gelditu (barregarri gelditu), poltsa bero (aberats), burua berotu (pentsatu)...
Aurreratu egin den uda garaiaren inguruko erreferentzia zuzenik ez dut topatu, baina labetik atera berria den bat ikusi dut, gaur kontatutakoa ederto ilustratzen duena: Berria-ren telegrameko erredaktorearen hauxe: Sanixidroak bero, udan gero, hondartzarako giro, zero (2022-05-17).