Egun on, ederrok!

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2022ko mar. 17a, 10:00

"Aitortu behar dizuet gero eta zailagoa egiten zaidala irudi egoki bat topatzea"

Egunero lanera joateko busa hartzen dudanean, Twitter errebisatu eta "Egun on, ederrok" bat txiokatzeko ohitura daukat. Diosala ilustratzeko irudi alai eta positibo bat erabiltzen saiatzen naiz, eguna positiboki hasteko-edo. Ez egin barre, goizeko zazpiak dira eta ordubeteko bidea daukat lanera iritsi orduko, automotibazio apur bat behar dut.

Aitortu behar dizuet gero eta zailagoa egiten zaidala irudi edo gif egoki bat topatzea, postureoan ari naizela sentitu gabe. Panorama terriblea daukagu eta egunerokoari aurre egiten laguntzeko elementu positibo bat topatzea konplikatu egin zaigulakoan nago.

Arriskuei ez ikusiarena egin eta momentuan egin behar duzun horretan kontzentratzeko gaitasuna biziraupen-mekanismo bat dela irakurri nuen behin. Gure burmuina arriskuei erne dago uneoro baina adi! mezuak etengabe ematen egon beharrean (oso primitiboa da kontuz! lehoia dator!!), egoera baloratu eta aurrera egiten laguntzen digu. Nago azkenaldian halako superbibentzia mekanismo bat dela autobusa hartu eta lanera bideratzen nauena, egoera bizarro batean bizi naizela sentitzen baitut.

Aurrekoan, aipatutako irudi positibo horren bila nenbilela, hain justu nire irrealitate sentsazioa irudikatzen duen eskema bat topatu nuen, ea zuei deskribatzea lortzen dudan: eskemaren izena "Zu hemen zaude" da, hiru borobil daude eta elkar ukitzen duten tokian hiruki gorri bat. Borobil batean "Hirugarren Mundu Gerra" jartzen du, bestean "Pandemia" eta hirugarrenean "Hondamendi klimatikoa". Hiruki gorriak gezi bat dauka eta "Lanera bidean" markatzen du.

Irribarre sarkastiko bat ahoan nuela, irudia kopiatu eta "Egun on, ederrok!" batekin bota nuen txioa.

Ba hori, egun on, ederrok! Zer moduz dabilkizue biziraupen-mekanismoa?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago