Munduaren amaiera hemen da, lagunok. Ez, ez naiz nostradamuskeriatan hasiko Apokalipsia iragartzen, urteroko "mundu amaierari" buruz ari naiz, abenduan ematen den hori: urtea "itxi", diru kontuak egin, balorazioak eta memoriak idatzi, aurreikuspenak egin, txostengintza arrisku kirol bihurtzen dugun garaia hain zuzen, mundua amaituko balitz bezala bizi izaten duguna.
Urterokoa bada ere, urtero tsunamiak harrapatu egingo gaitu, eta, noski, Gabonetara neka-neka eginda iritsiko gara. Horrela gauzak, aspaldi da opor egun batzuk gordetzen ditudala Gabonetarako, nekatuta iristeaz gain Gabonek asko nekatzen nautelako, opor egun estrak behar ditut, bonnus track-ak.
Eeeez, ez naiz Gabonetako "grintx" jai-urardotzailea, ez ditut Gabonak gorroto, nagia ematen didate, nagi itzela, alimalekoa, estratosferikoa, planetarioa...
Erosketak, opariak, bazkariak, afariak, poteoak... (opariak esan dut?) gehiegi da. Kaleko Gabonetako argiek ere molestatu egiten naute, jendez betetako kale ilunetan distiratsuegiak begitantzen zaizkit.
Publizitate kanpaina gogaikarriek kontrakoa esango (aginduko?) badidate ere, ez naiz mega-pozarren ibiliko, ez dut jende guztia gehiago maiteko, ezta opariengatik estresatuko ere. Maite dudan jendea inguruan daukat, urte osoan zehar hor daude, eta horiekin disfrutatuko dut Gabon garaia ere.
Beraz, lagunok "amaitu mundua" maite duzuen horiekin, disfrutatu momentikoak neurrian eta zaindu!