Ez naiz hemen hasiko kuadrilla zer den definitzen, gutxi gorabehera, norberaren esperientzia medio, guztiok ulertzen dugu lagun talde bat dela, elkarrekin astialdiaz gozatzeko tarteka biltzen dena.
Kuadrillak gaztaroan sortu ohi dira eta kideak bizi artean irauten dutela esan daiteke, baina badaude helduaroan sortutakoak edo helduarora iristean desegiten direnak ere.
Taldeko kideen artean adiskidetasun eta konfiantza handiko harremanak sortzen dira, kidetasun sentimendua indartsua izaten da eta, momentu onak pasatzeko ez ezik, elkar zaintzeko guneak ere badira.
Helduaroan gure harreman sarea hedatu eta kuadrilla edo lagun talde batean baino gehiagotan parte hartzen hasten gara, eta horrela sortzen dira "txakurra batera ateratzen dugunon parkeko kuadrilla", "eskolako umeen gurasoen kuadrilla", "ibiltzera irteten garenon kuadrilla" eta abar. Tipologia askotarikoa da, pertsonez osatuta daudenez, pertsonak bezainbesteko kolorekoak, alegia.
Kuadrillak kanpotik talde itxiak badirudite ere, integraziorako erreminta indartsuak dira, dena delakoagatik bakarrik gelditu den pertsona hori, kanpotik herrira bizitzera etorri dena, bizitzan aldaketa egin nahi duena... guztiak izan daitezke ongi etorriak kuadrillaren batean.
Helburu zehatz batekin sortutako kuadrillak ere badaude edo, hobe esan, helburu horrekin sortutako taldea egonkortu eta kuadrilla bihurtu dena. Ikasturte hasierarekin batera, euskara praktikatzeko biltzen diren taldeak sortzen ditu GEU elkarteak, Mintzalagun programaren barne. Denbora eta urteen poderioz, talde horietako batzuk egonkortu egiten dira eta kuadrilla bihurtu.
Beraz, ulertu dezakegu talde hauek ez dutela aurrerantzean Mintzalaguna behar? Baliteke, bizirik dagoen taldea den bitartean, kideek emango baitiote hauspoa. Baina argi daukat, Mintzalagunak bai behar dituela halako taldeak, kide berriak integratu, talde berrien eredu izan eta Gasteizko euskal komunitatea saretzen jarraitzeko.