Gazteen ehizan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2021ko eka. 19a, 11:00

Arg: Gaztealdia

"Antolatu eta eragiteko gogoa sentitu dute. Sentitu, esan eta egin".

Iruñean gazte talde batek agerraldia egin du, euskararen biziberritzean pausu sendoak egin nahi dituzte. Ohar labur baten bidez asmoa eta gogoa erakutsi dute, badakite zer egin nahi duten eta nola. Antolatu eta eragiteko gogoa sentitu dute. Sentitu, esan eta egin. Maitemindu egin naiz.

Gazteengana iritsi, gazteak inplikatu, gaztei aurkeztu, gazteak aktibatu… azken urteotan nire inguruan hainbat foro eta mugimendutan etengabe entzuten ditudan ideiak dira, helburu gisa formulatuta gainera, askotan gazteak ehizatu behar ditugun sentsazioa daukat. Gazteak ente homogeneo, konpakto, finito eta atzigarri bezala planteatzen dira egitasmoak, eta nago, bloke ikuspegi horrek ez digula uzten mugimendua atzematen eta notizia bihurtzen direnean bakarrik konturatzen garela e pur si muove.

Aitortu behar dizuet nire euskalgintzako deabrutxo eta aingerutxoa aktibatu zaizkidala, ezker sorbaldan daukat deabrutxoa esanez: "Iruñeko gazte horiengana joan behar gara, bilera batera deitu, gure plangintza aurkeztu, ea garaiz egiten dugun dirulaguntzetara aurkezteko...".

Beste aldean, eskuinekoan, aingerutxoa pozarren dago: "Bai jatorrak, ezta? inbidia apur bat ematen dute, bai, egia; ez larritu deialditik kanpo ikusten bazara, ez zaituztela gonbidatu sentitzen baduzu, ez hartu horrela, ez da ezer pertsonala, zuk izan duzu zure garaia, orain beraiek izan behar dute beraiena...".

Aingerutxoari kasu egin eta ehiza prismatikoekin egingo dut, rally fotografikoa izango da. Ez da bijilantzia, jakin-mina baizik, antropologo urbano hark bezala. Nire inguruan suertatzen direnerako, informatuta egongo naiz, asmoa elkarrengandik ikastea eta elkarrekintzarako aukerak sortzea baita, ez inor ehizatu edo kaptatzea. Bitartean, hemen egongo gara aingerutxoa eta biok, urrunetik adi-adi. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago