Izugarri disfrutatzen nabil euskararen zortzigarren probintziaren udazkena. Aspaldi esan ziguten euskarak sarean, hodeian, mundu digitalean, presentzia handiagoa behar duela eta oraingoan -behartuta bada ere- ekin diogu. Askotan presaka, modu amateurrean, intuizioz modu desordenatu eta desorekatuan, baina edukiak sortzen bagabiltza. Ez naiz autokonplazentzian eroriko, ez, argi daukat asko dagoela egiteko, baina hutsuneen kontzienteago izateko balio izan badu, ongi etorria izan dadila egoera distopiko hau.
Bai, esango didazue sarea esker txarrekoa dela, efimeroa, voyeurra, interakzioa behar dugunean kasurik egiten ez diguna, aurrez aurreko ekimenekin alderatzean deskafeinatua… Baina onartu behar didazue lengoaia eta komunikazio aukera propioak eskaintzen dituela eta euskarak horiek guztiak ere behar dituela.
Ez zarela sare sozialen zalea? Mundu digitala ez da hori bakarrik, lagun, uste duzuna baino askoz ere digitalizatuago zaude. Poltsikoan daramazun telefonoa uneoro konektatuta dago, baita kutxazaina edo tranbiako tiket makina ere. Guzti horiek, guztiek, besteak beste, zein hizkuntza erabili duzun begiratzen dute. Eta hor ere euskaldunak garela erakutsi dezakegu.
Hurbildu zaitez, are gehiago, euskararen zortzigarren probintziara. Kaotikoa, kromatikoa, kakofonikoa batzuetan, baina beti sortzailea, brillantea, harrigarria aurkituko duzu. Jarriko dugu hitzordua?