Norbaitek zure etxea okupatzeko baino probabilitate handiagoa daukazu zeurea galtzeko’". Irratsaio baten entzun eta zur eta lur gelditu nintzen.
Aurtengo udako hit-a "okupak" eta etxe hutsen okupazioa izan da (ondoriozko, desalojo ikusgarriekin ilustratuak). Zenbat berri, notizia, irudi… orduak bildu dituzte programazio horienean, hots, prentsa horia-ren saioetan. Aldi berean, biderkatu egin dira segurtasun enpresa eta zerbitzuen iragarkiak, behin eta berriz errepikatuak: hondartzako etxea babestu nahi duen familia (zuri, garbi, eder, itxurosoa), kanpoan daudenean norbait etxera sartuko dela beldurra duen bikotea…
Hori bai, badaezpada, ez dira aipatu espekulazio, lukurreria eta gizatasunik gabe burututako etxegabetze kasuak.
Udako fenomenoa berezia izan da, gainera, erreka nahasia dagoela aprobetxatu eta okupazio mugimendua desbirtuatzeko enegarren aukera aprobetxatu da, dena "okupa" terminoaren txapelpean.
Okupazio fenomenoaren atzean errealitate ezberdinak daude, beharretik hasita aktibismo politikora tartean, praktika, helburu, asmo eta gogo anitz daude martxan. Okupatu den eremu horren erabilera ere askotarikoa izan daiteke, kasu askotan, auzoari ireki eta alternatiba soziokulturalak eskaintzeko sortuko baitira.
Ez da hori aurtengo udan "saldu" nahi izan diguten okupazio mota alternatibo eta eraikitzailea, bestelakoa baizik, biolentoa, bazterrekoa, erradikala… Jabe zintzo eta langileen etxeak okupatzen dituzten "jendilajeak" ikusi ditugu.
Susmagarria da –irratsaioan aipatzen zuten ere– zenbat segurtasun enpresa eta zerbitzuen publizitatea sortu den azkenaldian, bankuek etxe hutsak pilatzen eta –o! kasualitatea– segurtasun enpresak erosten dituzten bitartean.
Hau idazten nagoela epifania bat izan dut: gure etxea gurea da "filosofikoki", hipoteka ordaindu artean bankuarena dela esan daiteke... ez ote gara geu ere bere begietara "okupak"?