Santu Guztien eguna, Domu Santu eguna eta Hilen edo Arimen eguna gertu dauzkagun egun seinalatuak dira, gutako bakoitzarentzat esanahi eta praktika ezberdinak dakartzatenak. Baina badaukagu fenomeno indartsuago bat aurretik: Halloween famatua.
Halloween jaiak indar handia hartu du azken urteotan, AEBetako kulturaren mundializazioari esker erraz barneratzeko moduan jasotzen baititugu praktika eta ohiturak horiek, guztiak ere jai-giro eta festa formatuan datoz gainera, erabat eta guztiz zentzua galduta.
Aldi berean, Halloween inbasioari erreakzio gisa-edo, Gau Beltza edo Arimen Gauaren fenomenoa zabaltzen hasi da gure inguruan. Hara non kuiak hustu, mozorrotu eta etxez-etxe eskean joateko ohitura bageneukan Euskal Herrian. Gau Beltzaren inguruko ohitura horietako asko aspaldi ahaztuak izan badira ere, berrezagutu, berreskuratu eta berreraikitzeko egitasmo politak egiten ari dira hainbat herritan.
Halaber, zalantza daukat, jatorri paganoa, homologazio kristaua edota banalizazio kapitalista duten jai hauek benetan laguntzen ote diguten gure hilkortasuna jasangarriago egiten. Heriotzari bizkarra emandako gizartean bizi gara, gaztetasuna eta edertasuna hauspotzen dituena, eta horrek ez digu batere laguntzen hain ''naturala'' den - geure edo ingurukoen- heriotzari aurre egin behar diogunean.
Ez nazazue gaizki ulertu, ez nabil kexaka, zuekin gogoetatxo bat konpartitu nahi nuen, besterik ez. Azken finean, bizirik gaudelako hiltzen gara, beraz heriotzaren inguruko ospakizun hauek bizirik gaudela ere ospatzeko aprobetxatzea proposatu nahi dizuet, ez baitakigu noiz arte hala izango den...