"Argia’’ esaten zion amonak elektrizitateari; argiztatzeko bakarrik erabiltzen zen garaien arrasto gisa-edo. Argindar hitza daukagu euskaraz elektrizitatearen sinonimo. Gaur egun, halaber, elektrizitatea ez dugu argiztatzeko bakarrik erabiltzen, sukaldean egiteko, elikagaiak kontserbatzeko, ikasteko, entretenitzeko eta abar luzerako beharrezkoa -–ezinbestekoa– baitugu etxean.
Argia kontsumitzen duen beste sortzeko gai omen da Gasteiz. Hala ondorioztatu du ikerketa batek; gure etxeetako teilatuetan eguzki plakak jarri eta listo, azpiegitura badaukagu, teilatuak libre xamar eta gutxieneko eguzki orduak ere. Orain, borondatea behar omen da (hori ere adierazi du ikerketaren egileak). Gure agintariengan ‘’hiri berdea’’ berdeago izateko borondatea ziurtzat jo beharko genuke, ezta?
Argi-indarraren oligopolioa indartsua dela jakin badakigu eta ez digute hain erraz utziko autogestioa. Gehitu honi, energiaren kontsumo eta kudeaketan daukagun informazio eskasia eta kontzientzia nahasia. Gure etxeko kontsumoa dirutan neurtzen dugu normalean eta neurri ‘’oikonomikoak’’ (etxeko ekonomiarenak) aplikatzen ditugu, gure poltsikoaren mesedetan, beti ere. Baina, ba al dakigu entxufetik datorren indar hori nola sortu den? Begiratu ote dugu zenbat argi eta ze motako bonbillak behar ditugun? Zenbat gailu dauzkagun uneoro entxufatuta? Gure etxebizitzako portalean sartzean eguzkitako betaurrekoak behar ditugu? Auzoan, kalean dagoen argi hori noiz piztu da? Ze motako farolak ditugu? Pareko ikastetxeak patioko argiak pizten dituenean estralurtarren espazio-ontzia iritsi dela ematen al du?
Argi dago, honetan ere indarra egin beharko dugula, ez bakarrik argindarra sortzeko askeago izateko, baita zertan, zertarako, zenbat eta nola kontsumitu nahi dugun argi izateko ere.