"Komentu fantasma"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2019ko ots. 14a, 12:17

"Eraitsi zutenetik 85 urte ere ez dira igaro eta bere memoria ia galdu dugu gasteiztarrok"

XII. mendean Gasteiz/Vitoriarentzat giltzarri izan zen komentu hura. Frantziskotarren mapamundian kokatu zuen hiria, horrek dakarren ospearekin. Tokiko jauntxoen emazte boteretsuak bertan ehortzi ziren, beraien arimaren salbaziorako hilobiak elizaren burualdean jartzeko ederki ordaindu ondoren. Errege poeta entzutetsu baten kantigetan azaltzeraino bezain ospetsua. Ondoko mendeetan hazten jarraitu zuen, eliza barroko monumentala, bi klaustro, ospitalea eta gazteentzat eskola esklusiboa izateraino. 

Baina XX. mendera iritsi orduko –pelikula historiko-epiko bat egiteko bezainbesteko gertaera bizi ostean– oso bestelakoa zen komentuaren egoera: monjeak joan eta etorri, tartean militarrak sartu eta, bitartean, ondarea galtzen eta saltzen joan ziren. Ordurako hiriak bizkarra emana zion komentuari eta bere orube osoari. Hazten zebilen hiria zen eta traba egiten zion. Handiegia zen eta erdigunean zegoen. Bota egin behar zen, bai ala bai. Babestu eta erabilera ezberdinak emateko bihotz oneko proposamenak proposatu baziren ere, komentua sententziatua zegoen. Desmartxa ilunak eta ezkutuak egin omen ziren babestutako eraikina botatzea lortzeko. Madrilera ere iritsi zen arazoa. Hainbesterakoa izan zen kalapita, udal korporazio osoak dimititzeko mehatxua egin zuela. Esan eta egin. Agur komentua, agur eraikin atxikiak, agur klaustroa, agur nobizioen eskola eta agur elizari ere. 

Komentua eraitsi zutenetik 85 urte ere ez dira igaro eta bere memoria ia galdu dugu gasteiztarrok, baina ez guztiz. XXI. mendera mamu baten zurrumurruak ekarri digu komentuaren oroitzapena. Noizbehinka, mutiko baten irudia ikusten dela Olagibel kaleko Hacienda-ren eraikinaren pasillo luzeetan? A, bai, Andresito da, bertan zegoen San Frantziskoren komentuko eliz-mutila omen zen. Hor datorkigu komentuaren izena gogora. Fantasmaren komentuarena. Komentu fantasmarena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago