Hori sarkasmoa al da?

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2018ko abe. 13a, 16:54

"Zeuk ere erabili duzu sarkasmoa, ironia toxikoa, barruko hori deskargatzeko..."

Horixe galdetzen die Sheldonek lagunei, gogaituta, adarra jotzen diotenean, eta are graziosoago bihurtzen du horrek egoera.

Gabonetarako lagun ezkutuarentzat opari korrekto ez-merkeegi-itxurako horietako baten bila nabilela, hara non aurkitu dudan notak hartzeko koaderno sarkastiko bilduma bat atera dutela, "errealitate gordina" erakutsiko omen diguna. Iragarkiaren titularrak horixe zion behintzat, eta –zer nahi duzue esatea– mezu animoso eta kukiak dituzten agenda, egutegi, katilu, arkatz eta halakoek apur bat nekatzen nautenez, ba, gogotsu ireki dut malaletxe prefabrikatua saltzen didan produktuaren mezua.

Sarkasmoa eta ironiaren arteko diferentziaz zalantzati, googleri galdetu diot eta, antza, ironia erabilita ala ez, funtsean beste pertsona bati zuzendutako trufa da sarkasmoa, mingarria eta garratza, beste hori mindu eta ofenditzeko asmoa duen iruzkin gaiztoa. Nola, orduan, koaderno bilduma oso bat eroslea mintzeko? Hau pagotxa.

Eta behin koadernoak ikusita, susmatu bezala, dezepzioa; gehiago espero nuen, umore beltza, odol apur bat, zaurietarako gatz pixka bat, behazun tanta batzuk… 

Bai, ez begiratu hala, zeuk ere erabili duzu sarkasmoa, ironia toxikoa, barruko hori deskargatzeko, norbaiti esan beharrekoak esateko, modu sotilean, ustez inteligentean, beste hori mindu baina berak nabaritu gabe, anestesia apur batekin-edo. Eta bai, alibiatu zaitu, zeure burua zoriondu duzu gainera zure atrebentzia eta etorreragatik…  

Azken finean, zeu ere bizirik zaudelako eta umorea ezinbesteko daukazulako ingurukoekin bizitzeko, tentsio sozialen katarsirako, eta kaña apur bat ere behar dugulako, gu hilkor errukiorrok, bizirik gaudela sentitzeko. Bereziki dosi handietan beharko dugu pret a porter poztasun, maitasun, elkarbizitza eta familia giroetako garaiak datozkigulako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago