Itzulerak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2018ko ira. 21a, 10:52

"Joatea eta itzulera  artean denbora pasatu da, atzean utzitako hori ez da berdina".

Ez dizuet ezer deskubrituko iraila itzulera garaia dela esanda, lanera itzulera, eskolara, egunerokotasunera...("monotoniara!!" oihukatu duzu, irakurle, entzun zaitut). Ez da besterik inguruan eta, urterokoa bada ere, estresatuta eta urduri egingo dugu itzulera. Gaiarekin nazkatzera ere iritsiko gara (noiz arte galdetu daiteke, "zer moduz, lanean bueltan?" irailaren 15a gehienez, ezta?).

Itzultzeko joan egin behar gara, zerbait egiteari utzi egin behar diogu, agur esan, aldendu, distantzia jarri (fisikoa, geografikoa, psikologikoa, emozionala…) eta atzean utzitako horiek izango dira gure itzulera bidaiarako aingurak.

Itzulera asko eta askotarikoak daude. Zenbat buru, hainbat itzulera, parafraseatu dezakegu. Beraz, ezin katalogoa egin, ezin ranking-a egin, oso pertsonalak baitira. 

Itzulerak badauka bere baitan ezintasun puntu bat ere, guztizko atzera buelta ezin baita egin. Joatea eta itzulera artean denbora pasatu da, atzean utzitako hori ez da berdina, ezta gu geu ere. Horregatik, itzulerek askotan nostalgia kutsua dakarte. 

Uda amaiera garai honetako itzulerak, halaber, bereziak dira oso. Aurrera egiteko inertzia daukatela sentitzen dut beti: lanera itzuliko naiz (itzultzeko zain daukadan lana daukadalako, zorte onekoa neu), etxera itzuliko naiz (teilatua izango dut buru gainean, zorte onekoa neu), egunerokotasunera itzuliko naiz (neuk neurtu eta neurrira planifikatu dudana, zorte onekoa neu). Bai, horrekin batera asperdura eta monotonia ere itzuli daitezke, baina horiek ikuspegiak dira, kamarada, betaurrekoen kristalen koloreak. 

Nik pozik egingo dut egunerokotasunera itzultzea, daitort. Nire txokora, nire konfort eremura. Gustura egingo dut buelta bai, jakin baitakit kaosa ere itzuli daitekeela, horregatik, bitartean, ni itzuleran goxo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago