Segundo batzuetan, zer egin jakin gabe gelditzen gara, paniko milisegunduak. Mugikorraren argia erabilita, emergentzietarako daukagun linternaren bila hasiko gara. Pilarik gabe dago, noski. Kandelak, kandelak baditugu. Txiskeroa, non dago txisteroa! Erretzaileak ez garenon etxean txiskeroek toki propioa behar dute. Kandelak dekoraziorako direnez, laster hasiko da etxea parafina edulkoratu erre usaina hartzen. Gainera, ez dakigu suarekin bizitzen eta etengabe begiratuko diogu suzko ipurtargiari, ea ez duen erre daitekeen ezer inguruan, ea ez den gehiegi mugitzen, ea ez den itzaltzen. Dagoeneko luze egiten ari zaigu, zenbat iraungo ote du impasse honek?
Zeinen erraz sortzen den kaosa gure bizimodu eroso honetan. Ze ohituta gauden gure inguruan dena ordenatua, lotua edukitzen. Neu lehena, ez pentsa, ohituretako animalia naiz ni. Ez zaizkit sorpresak gustatzen, ez dakit kaosean bizitzen, bihar eguzkia irtengo dela dakidan moduan, autobusa hartu eta lanera joango naizela ere badakit, ezin da bestela izan.
Baina batzuetan ez da hala eta orduan kaosa sortzen da. Aurreikusitako horretan ezusteko bat gertatuko da, istripua deituko diogu agian, eta aurre egin beharko diogu. Berriz ere orden txukun eta garbira itzultzeko.
Eta horixe da, adibidez, udako ekaitzek ekarri digutena. Ordenean kaosa. Gu baino handiagoa den elementu batek sortutakoa gainera. Ez gaude prestatuta. Noren errua da. Errua norbaitek izan behar du, noski. Kalteak daudelako. Gu kaltetzeko, izorratzeko, gertatzen direlako. Ahaztu baitugu txikiak garela –hilkor errukiorrak– eta argirik gabe, ez garela ezer.