Hiri ilustratua

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2018ko mar. 23a, 10:17

"Hiria jakituriaz janzten digute, irudi eta testuen bidez ideiak begien bistara ekarrita".

"Ilustratu" hitza Harluxet entziklopedian begiratu dut eta ondoko bi adierak eman dizkit: "jakituriaz jantzia (batzuetan modu trufagarrian erabilia)" eta "inprimaki bat oro har testuarekin zerikusia duen irudiez hornitu".

Biak ala biak ondo datozkit oraingoan kontatu nahi dizuedan honetarako, izan ere, txundituta nauka gure hiri ilustratuak, irudiz hornitutako hiri jakinduriaz jantziak. Nork esango ligukeen orain urte batzuk graffiti eta muralez jantzitako Gasteiz bat izango genukeela.

Oinarrian, kaleko irudi, margo, ilustrazio eta mezu kitzikatzaileak dira graffitiak, baimenik eskatu gabe pareta eta leku hautatuetan eginak, gauean edo ezkutuan, mezu indartsuak irudikatzeko burutuak; aldi berean, iragankorrak eta suntsigarriak, paretaren jabeak edo uneko autoritate batek irudia, eta berarekin mezua, ezabatuko duela jakinda sortuak.

Baina graffitiek ere bere bidea egin dute eta gaur egun artelan gisa errekonozituak dira, erakusketa eta museoetan ere ikusi ditzakegu, beraien izaera  klandestino eta kaletarra gaindituta.

Gasteizen, ordea, kalea hartu edo berreskuratu dutela esango nuke. Hiria jakituriaz janzten digute, irudi eta testuen bidez ideiak begien bistara ekarrita, hiria bera esplikatuz, herritarren bozgorailu. 

Horregatik iruditzen zaizkit hain zirraragarriak Errekaleorreko muralak, gune okupatuaren komunikabide. Baita Zaramagako mural dotoreak, aldarrikatzaile, memoriaren gordailuak, auzoaren sentipenaren ilustrazio. Ezin ahaztu ere, etxaldeko auzokoek enkargatuta egindako garajeetako graffiti txukunak, helburu higienikoekin eginak, sarrera ilunak alaitzen dituztenak.

Benetan maite dut hirian paseoan nabilela graffiti edota mural berri bat deskubritzea, hiriak erakusten dizkidan ideia eta irudi horiek deszifratzea, gure hiri ilustratuaren jantziak baitira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago