Emadazu bizia

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2018ko ots. 9a, 11:49

"Gertutik ikusi dut nola biziberritzen den odol transfusioaren hartzailea".

Hemen kontatzea lekuz kanpo dagoen zirkunstantzia bat medio, odolaren pisuaz oso kontziente izan naiz azkenaldian. Ez bakarrik odolaren irudi sinbolikoan –guraso eta familiarekin lotzen gaituen lokarri magiko hori– baita giharrak, zelulak, oxigenoa… gorputzaren erregaia den elementuarekin ere.

Gertutik ikusi dut nola biziberritzen den odol transfusioaren hartzailea, erdi zimelduta dagoen landareari ura bota eta gutxira berdetuta ikusten duzunean bezalaxe, berpiztuta. Berpizte erlijiosoaren kontrara, momentuan, zuzenekoan, zentzumenez atzitzeko biziberritzea da, mirakuluzkoa hau ere.

Odol emate eta jasotzearen prozeduraren eskuzabaltasun unibertsalak hunkituta nauka: norentzat begiratu gabe, bizirik mantentzen duen isuri hori ematen duen pertsonatik hasita, gaixoari txuleta jartzea erabakitzen duen medikura arte doan eskuzabaltasun kate itsua, hain zuzen. 

Ekimen altruista errazagorik, gutxi mundu honetan. Behin eta berriz egin daitekeena. Eman ostean bizitza normalarekin jarraitzen uzten dizuna. Anonimoa, emailea eta jasotzailea. 

Aitortu dezagun, odola emateak oraindik erreparoa ematen digu –ez bada beldurra, higuina, izua, hotzikara– orratzak ezin ikusi, ospitale giroa ezin jasan, litro erdi kenduta mareatzeko lotsa… 

Irakurle, jakitun zara ze garrantzitsua den odola ematea, ez dizut kanpainarik egingo. Ni neu ere oraintsu arte horretaz hain kontziente izan gabe bizi izan naiz, tokatu zaigun arte, eta epifaniatxoa zurekin konpartitu nahi izan dut, besterik ez.

Hurrengo batean, neuk beharko dut zurea, edo zeuk neurea, eta gustura hartuko dugu txuleta-sendagaia, eta orduan esango dugu, ahopeka, zurrumurruan... bai, emadazu bizia. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago