Prentsa txarra dauka errutinak, oporren ostean egunerokotasunera itzultzea gure bekatuen gaztigu sentitzen dugu eta eguna hurbildu ahala, depresioa, lo egiteko arazoak, izerdi hotzak nabaritzen omen ditugu.
Halaber, errutina bere horretan ez da hain txarra, geuk ematen diogu zentzu hori. Ni neu oso errutinazalea naiz, "ohituretako animalia" deritzon horietakoa. Egunak, asteak, hilabeteak... dena aurreikusi behar dut, kaosa kontrolpean daukadala sentitu eta konfort zona erosoa sortu. Hitz baten, errutinan goxo bizi naiz ni.
Errutinak badauka bere xarma ere, bere misterioa. Egunerokotasun homologatu horretan aldaketak egon badaude, txikiak dira, mikro, eta adi egon behar gara gertatu direla konturatzeko. Halakoa da bizitza, eguneroko momentu txikiez osatuta, eguneroko mikrogertaera, mikroaldaketa, mikrohistorien puzzlea.
Saiatu gaitezen errutinari beste aukera bat ematen, beste begi batzuekin begiratuz bizitza zeregin zentzugabe eta alienanteetan xahutzearen sentsazioa arinduko da eta oporretatik buelta arinagoa egingo zaigu, seguru.
Dagoeneko konturatu zara, irakurle maite hori, orain arte esandakoak autokonbentzitzeko -autolaguntzarako- kontakizun sasi-coelhiano bat besterik ez dela, aste honi aurre egiten laguntzeko plazeboa. Hasiera ona izan dezazuela...