Opor mentalak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2017ko uzt. 21a, 10:20

"Ez itxaron opor luzeak hartu arte, praktikatu opor mentalak egunero".

Udako oporrak gertu (edo hasita) dauden garai honetan "eta zer, oporrak noiz?" askotan entzun dugun galdera da, ezta? Erantzunaren arabera, galdera egin duenaren feedback-a ezberdina da: "aibala, ze ondo, dagoeneko oporretan (a ze inbidia)", edo "ba lasai hartu behar, iritsiko dira (gaixoa, a ze nekatu aurpegia duen)" eta abar entzungo dugu.

Baina oporrak ez dira bakarrik uda garaian hartzen diren horiek edo hainbat egun jarraian lanera joan gabe egoten zaren horiek, niretzat oporrak ariketa mentalak dira: oporrak dira laneko gauzei buelta ematen ez diezun momentuak/egunak, iratzargailuak altxarazten ez zaituen egunak, lanean egon ohi zaren ordu horietan kalean pasioan ibiltzea, terrazatxo batean garagardo hotz eder bat hartzen egotea...beraz, besteak beste, asteburuak ere oporrak dira niretzat.

Oporrak egoera mental bat dira eta ariketa bat aldi berean, zenbat aldiz harrapatu ote dugu gure burua laneko gauzen inguruan pentsatzen oporretan gaudelarik? Ariketa kontziente bat da pentsamendu nekagarri horiek uxatzea, zeure buruari gogoraraztea deskantsu garaian zaudela, ez bakarrik fisikoa, baita mentala ere.

Ariketa bat denez, praktikatu egin behar da, beraz ez itxaron opor luzeak hartu arte, praktikatu opor mentalak egunero apur bat, zure osasunak eskertuko dizu, bai horixe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago