Usainen memoria

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2017ko mai. 19a, 12:31

"Usaimena omen da zentzumenik sentikorrena eta baita primitiboena ere".

Azken denboraldian memoriari buruz asko ikasten nabil eta neure memoria propioan sakontzera eraman nau. Memoria, oroitzapenen biltegia izateaz gain, identitatea ere badela ikasi dut, eta neure oroitzapenak arakatzen nagoela, usaimenarekin lotutako pasarte asko topatu ditut.

Ziur zuei ere gertatu zaizuela: bizkotxo egin berriaren usainak sentsazio atseginak, goxoak, ekarri dizkizuela gogora, agian amona edo amarekin oroitu zarete...

Usaimena omen da zentzumenik sentikorrena eta baita primitiboena ere. Usainen bidez norberaren memoria autobiografikoa aktibatzen da eta soinu edo irudiek sortutakoak baino oroitzapen indartsuagoak sortzen dira. Adituen hitzetan: usaimen-memoriak emozioen oroitzapenak dira.

Usain berri gehienak haurtzaroan deskubritzen ditugunez, ulertzekoa da usainek, batez ere, haurtzaroko oroitzapenak ekartzea.

Hurrengoan zerbait lehen aldiz usaindu behar duzuenean, gogoratu bizi duzun sentsazio hori betiko grabatuta geldituko dela zuen memorian. Eta kontrara, gertaera edo momentuaren oroitzapena gogoan biziki gorde nahi baduzue, egin kasu usainei, horren memoria modu indartsuan berreskuratzeko aingurak izango baitira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago