Intolerantziez

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2017ko urt. 20a, 11:16

Chrysallis EH-ren kanpaina irudia.

"Desadostasuna? Zakila duten neskak egon daitezkeen ideiari?".

Lanean inoiz ikasleei galdetu behar izaten diegu ea jakiren bati alergikoak edo intoleranteak ote diren. Bateren batek erantzun digu, janariarekin arazorik ez duela baina intolerantea dela pertsona edo jarrera jakin batzuekin. Eta irribarre egiten dut, bai.

Baina egiatan intolerantziak ez dit inolako graziarik egiten eta azken egunotan Chrysallis elkartearen kartelak jaso dituen erasoek harrituta naukate. Kartelari erasotzerakoan pertsona horiek beraien desadostasuna agertu dutela ulertzen dut, baina zerekiko desadostasuna da? Kartelean haurrak biluzik marraztu izateari? Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak egon daitezkeen ideiari? 

Hiztegian begiratuta, intolerantzia hitzak bi adiera ditu: "Besteen jarrerak eta ekintzak onartzeko tolerantzia-eza" eta bestetik biologian eta medikuntzan ‘"substantzia, bakterio edo birusek izaki bizidunengan eragin ditzaketen ondorio immunologiko gehiegizkoa".

Kartel bati eraso egitea "gehiegizko ondorioa" dela nirekin ados egongo zarete. Gainera, kontrako fenomenoa lortu dutela esango nuke, kartelari erasotzean mezua "suntsitu" nahi izan badute, erasoarekin kartel hori askoz ere gehiago ikusi dugu, ikusgarriagoa bihurtu da, prentsari esker. Hau da, mezua gehiago ikusi da.

Utzi dezagun intolerantzia biologiaren arlorako, gainditzeko zailagoa baita, eta izan gaitezen toleranteago, esfortzu txiki bat besterik ez da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago