Aspaldi irakurri nuen inkesta/azterketa batek eragin zidan gogoeta zuekin partitu nahi dut gaurkoan. Inkestan galdera bota aurretik, eszenatokia aurkezten zuten. Bi etxebizitza bloke daude, parez pare; batak, etxe-aurre erakargarria dauka, leiho eta balkoi koloretsuak, forma ezberdinak eta interesgarriak. Besteak berriz, etxe-aurre soila dauka, lerro zuzenekoa, garbia, monokromoa eta arazorik gabekoa. Baina, biak ala biak, barrutik berdinak dira, pisuen distribuzioa, eraikuntza materialak, altuerak, prezioa, dena berdina da.
Pisu bat aukeratu beharko bazenu bizitzeko, ze bloketan aukeratuko zenuke? zer nahiago duzu, zure pisua etxe ederrenean egotea, baina leihotik pareko etxe monokromoa izatea, ala, etxe itsusikoa hartu baina leihotik etxe xarmangarria ikusi? Azken galdera honek eman zidan zer pentsatua, nire lehen hautua –inkontziente disney-kutsatuak eraginda– etxe ederrekoa aukeratzea izan baitzen. Baina, egunero-egunero nire leihotik pareko etxe gatzgabea topatzeak ere...
Kanpoan dagoenak gugan, barruan, eragina duela esan beharrik ez dago eta leihotik ikusten duzun hori gustukoa edo ez izatearen ariketa hau gure bizitzako beste arlo batzuetara zabaldu dezakegu. Adibidez, ze jendarte motan bizi nahi duzu? uniformea, ezaguna eta, teorian, arazorik gabekoa den horretan? Ala, koloretsua, ezberdina, anitza eta interesgarriagoa begitantzen den bestean? Hau da, zer ikusi nahi duzu leihotik?