Naturak ematen dizkigun gaiak ere mugatuak dira. Petrolioa, egurra, ura... dena amaitu daiteke eta, ondorioz, ahalik eta gehien birziklatzen saiatu behar gara. Plastikoa, beira, papera... erabili ondoren birrindu eta beste zerbait egiteko erabili daiteke, etengabeko erabilera gurpil batean sartuta. Arropa, konplementuak, altzariak... bigarren erabilera txanda bat eduki dezakete. Bigarren eskuko kotxeak, bigarren eskuko etxeak, bigarren eskuko liburuak...
Eta, bigarren eskuko denbora izango bagenu? Zer egingo zenuke, zure denbora birziklatu eta berriz erabiltzeko aukera izango bazenu? Edo, beste norbaitek erabili eta ondoren birziklatu duen denbora eskuratzeko aukera balego? Imajinatu zenbat denbora "irabaziko" genukeen: erosi ditugun liburu horiek guztiak irakurtzeko, ikusteke ditugun filma guztiak ikusteko...
Berreskuratutako denbora izatean (ziurrenez erosi egin beharko genukeen) hobeto aprobetxatuko genuke?