Itzarrik amestearen beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dut gaurkoan, are gehiago, amets egitearen efektu profilaktiko eta osasuntsua. Urrundu zaitez zure ingurutik eta emaiozu tregoa zeure gogoari, segundo gutxi batzuk nahikoak dira. Ez dut maiuskulako Ametsak esan nahi, ez dira zure bizitza mugitzen duten nahi, xede, gurari edo utopia horiek, ez, amets erraxagoak, txikiagoak, gertuagokoak dira nik proposatzen dizkizudanak. Abiatu inguruan duzun horretatik eta asmatu ezazu zure "pelikula".
Hainbeste arazo, eginbehar, ordutegi eta bestelako lastreekin, gure gogoari libertimendu apur bat eman behar zaio, giharrei kirola bezala, buruari imaginazioa eta horretan aritzeko denbora apur bat. Ezin dizuet esan nola egin, ezta zer amestu ere... orain bertan teklatuko letrak ere ez ditut ikusten, badoa nire burua, kabriolet beltza ziztu bizian gidatzen.