Bitartean nire denda hutsik

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2015ko ira. 18a, 02:00

Beste pintxo lehiaketa aste bat daukagu oraingoan ere... Halako ekitaldi gastronomiko-folkloriko-propagandistiko-turistikoen zale naiz #daitort. Pintxoak ez direnean, kazolatxoak, ardoa edo txakolina; gehitu hilabete hasierako azoka edo bestelako azoka tematikoak ere. Denak aprobetxatzen ditut, nire hiriko "turista" gisa.

Hala ere, gehien disfrutatzen ditudanak azoka ekologikoak eta bertako nekazarienak dira. Luxua da tokiko produktorearekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izatea, bere lanarekin konprometitua dagoena, berak egin duen hori ilusioz erakusten eta saltzen dizuna. A zelako aldea "Ertaroko" mozorroa daraman bizkotxo saltzaile horrekin...

 

Behinola Zaramaga inguruan harategia duen lagun batekin feria hauen inguruan hitz egiten egon ginen. "Eta auzoetan zer? Zentroan halako ekimen bat dagoen bakoitzean, nire harategia hustu egiten da!'", zioen haserre. Arrazoi puntu bat ere baduela esango nuke.

 

Auzoetako bizitza gasteiztarrona da, auzokideok egiten dugu, baina hau ez da berez sortzen, sustatu eta zaindu egin behar da. Zentroko auzokideak hainbeste feria eta jaialdiez kokoteraino dauden bitartean, beste auzo batzuk pintxopote-auzoak bihurtzen ari dira. Ea ba, eragin imajinazioari eta antolatu ditzagun bestelako negozioak sustatzeko auzoetako feriak ere: ''Gasteizko mertzerien gymkana'', ''Arrandegien lehiaketa: saritu arrandegi txukunena'...".

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago