Informatzaileak –dela kazetariak, dela politikoak... dena delakoak– datuak bere nahierara manipulatu eta nahi duena sinestarazten digulakoaren susmoa sortzen dit nire "ezintasun" horrek. Horregatik, txundituta gelditu nintzen Josu Lopez Gazpioren artikuluarekin: umeak zikoinek ekarriak direla frogatzeko datuak ematen dizkigu (1). Nire susmoak baieztatuak izan ziren: adimen ez-numerikoa dugunok manipulatu eta beraien nahierara moldatzeko konplot zientifiko mundiala dago! Halaber, Josuren artikuluaren amaieran dago klabea, bere hitzetan: "... zentzu kritikoz irakurri behar direla zientifikoak diren ikerketa guztiak...". Horra hor: zentzu kritikoa.
Ez dakit nirekin bat etorriko zaren, irakurle, baina hauteskunde garaian zentzu kritikoari bolumena jaisten diogu, buruan durrunda gehiegi egin ez dezan. Eta alderdiak horretaz ohartuta daude, ze bestela ez ditut ulertzen azken egunetako agerraldi, mitin eta kartel-orgia guztiak. Hori bai, hauteskundeen osteko egunetan zentzu kritikoaren bolumena topera igotzen zaigu, "ezustean'' albokoari zikoinak haurra ekarri diola konturatzen garenean.
(1) zientziakaiera.eus/2014/05/27/zikoinaren-teoria-baieztatzeko-frogak