Enigma makina

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2015ko api. 22a, 02:00

Irati Iciar

 

Hala izena du mezu sekretuak zifratu eta deszifratzeko aparatuak. Aldez aurretik adostutako kode batzuen arabera, makina elektro-mekaniko honek teklatuaren bidez sartutako hizkien ordezkapenak egiten ditu. Oso garrantzitsua da hasierako kode zuzena ezagutzea, bestela deszifratutako mezuak ez zuen esanahirik izango.

 

Naziek erabiltzen zuten makina zen eta, espioi lan askoren ostean, aliatuek kodea deskubritu zutenean, gerra irabazteko berebiziko garrantzia izan omen zuen. Guk geuk ere kodeak erabiltzen ditugu gure errealitatea 'deszifratzeko', nolabait esateko, 'Enigma makina' propio bat badugula. Kodeok heredatuak, ikasiak edo/eta propioak izango dira, guztiak ere norberaren kode-saldoa osatuko dutenak. Baina kode horiek partitu egin ditzakegu, gugandik oso ezberdinak diren kodeak ikasi ditzakegu, gureak moldatu eta ondorioz kode anitzak sortzeko. Aniztasun horri esker, errealitate ezberdinak deszifratu ditzakegu eta mezu ezberdinak ezagutu.

 

Halaber, azkenaldian agertu dira gure inguruan kode uniforme, elebakar eta ortodoxo bat behar dugula esaten digutenak. Nire ustez, ordea, zenbat eta kode anitzagoak izan errealitate ezberdin eta interesgarriagoak 'deszifratuko' ditugu, gu geu aberatsago egingo gaituztenak. Horretarako, lagun, zure 'Enigma makinan' erabiltzeko kode bat proposatu nahi dizut, guztion artean partitu eta disfrutatu dezakeguna: 'Gora Gasteiz' kodea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago