Istorioak badu oinarri moral sakona. Victor Frankensteinek, teknologia lagun, izaki biziduna sortzen du, munstroa, baina sortu duenari bizkarra eman etatragedia, kaosa, sortuko da. Nobelaren sinplifikazio txikitzailea da hau, noski, baina nire gogoeta nondik sortu den kontatu nahi nizuen. Izan ere, gizakiok abilak gara munstroak sortzen.
Munstro pertsonalak, indibidualak, edo kolektiboak. Tokian tokikoak zein mundu mailakoak. Instantekoak ala ibilbide luzekoak. Diakronikoak zein sinkronikoak. Gure egunerokotasun neurtuan aldaketa eragiten duen edozer munstro bihurtuko dugu.
Medioei esker, gainera, munstroaren xehetasun txikienaren jarraipen zehatza, zientifikoa, mikroskopikoa, jasoko dugu. Berdin dio zerezkoa den, nondik sortua den, non eragiten duen, kaosa orokorra izango da. Azken hurren izan dugun elurtea kasu. Urterokoa, ezaguna, iragarria izan den elurtea, hala ere, munstro izan da guretzat. Egiatan, azkenaldian medioetan naturari ematen diogun munstro tratamenduak kezkatuta nauka.
Shelleyren nobelak teknologiak eragin ditzakeen munstroen inguruan ohartarazten gaitu, naturaren balioen kontra doan horren inguruan, hain zuzen. Guk, ordea, naturari bizkarra eman eta munstro bihurtu dugu. Baina halabeharrez elurra urtero itzuliko da, urtero berpiztuko dugu munstroa?