Ikuskizun honen bitartez, Indarra Kultur Elkarteko kideok inauteriaren lapurreta eragozten saiatuko gara. Izaki ilun batzuen aztikeriak inauterietako pertsonaia zenbait lozorro sakonean sartu ditu. Indarrako kideok, dantza eta musikaren bitartez eta Hartzaren laguntzarekin, inauteriaren ospakizunerako ezinbestekoak diren pertsonaia hauek berpizten saiatuko gara, modu honetara biziaren zikloa berrezartzeko beharrezkoak diren jai eta errituei bide eginez. Urteak daramatza Indarra Kultur Elkarteak iñauteri ostiralez bere kabuz ekoizturiko kale-emanaldia eskainiz. Lau ardatz nagusitan oinarritu ditu emanaldi hauek: Euskal Herriko folklorea eta iñauteri errituak, sormen berria, autoekoizpena eta elkarteko kide ororen partaidetza. Elementu hauek oinarri hartuta sortu zituen bere garaian "Godaleta", "Sasi guztien gainetik" eta "Naturaren indarra" bezalako ikuskizunak. Elkartearen baitako auzolanaren adibide dira ostiral honetan parte hartuko duten 120 kideak. "Indarteria" ikuskizuna emango duten hirugarren eta azken urtea izango da aurtengoa. Ez galdu beraz emanaldia ikusteko azken aukera! Gogoratu: Andra Mari Zuriaren plazan iñauteri ostiralez, otsailak 24, 21:00etatik aurrera. Gora iñauteria!!!
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.