Sefarad plaza (Judimendi), Araba
Makil-dantza, makil-joko, paloteau, trokeo-dantza, brokel-dantza, espata-dantza... Euskal herrian lekuan-lekuko hainbat dantzen izenei loturik dauden hitzak dira hauek, baina ba al da horrelakorik gure mugetatik at?
Zenbait etnograforen iritzitan makil dantzek neolitikoan dute beren jatorria eta uzta bilketa eta lurraren emankortasunari eskainiriko erritoekin edukiko lukete lotura. Musika tresnen erabileraren aurretik makil soilen kolpeen erritmoek sortuko zituzten musikaren oinarri zaharrenak. Hau izan daiteke, makil dantzek izan duten bertuteetako bat, musikarik gabe ere dantzatzeko aukera baitago makil kolpeen abarrotsarekin bakarrik. Makil jokoek XVI mendetik aurrera garapen berezia izan zuten garaiko antzezpen pastoralei lotuta eta eten gabeko moda, moldaketa eta berrikuntzei egokitzen jakin dute gaur egunera heldu diren arte. Pastoral haiei loturiko beste hainbat elementu desagertuz joan badira ere makil dantzek bizi bizirik diraute europako folklorean.
Ekainaren 24ko arratsaldean, Judimendin ikusiko dugun bezala Katalunia ere aberatsa da makil-dantzen interpretazioari dagokionean. Bartzelonako Bastonera Eixample, Eskuernagako Kaxkabarra eta Gasteizko Indarra dantza taldeek makilekin egiten diren dantzak oinarri izango dituzte eskainiko diguten emanaldian. Honen ostean publiko guztiak, dantzan jakin edo ez, parte hartu ahal izango du antolatu den dantza-plazanean.