Iritzia

Tadamun

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2025eko azaroaren 20a

Argazkia: I. Lazkano

"Ez dezagun ahaztu elkartasuna –tadamuna, arabiarrentzat– egunerokoan lantzen dela, su txikian, etengabe..."

Frankismoaren hondarretan jaio nintzen, eta garai ilun haiek hirugarren pertsonan bizi izan banituen ere, gure herriko kaleetako protesta harrabotsak eta errepresio dunbotsak oraindik oso gogoan ditut, lehen pertsonan.

Herriaren erdialdean bizi ginen, eta gure "telebista" etxeko balkoia zen. Handik ikusten genituen bertatik bertara manifestariak korrika eta poliziak tiroka. Benetako tiroak, Roberto Perez Jauregi gaztea, Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio batean, 1970eko abenduaren hasieran, hilobira eraman zutenak bezalakoak. Ez zen jolasa, kaleetan bizitza zegoen jokoan.

Eta horretan geundela, halako batean, ni baino nagusiagoa zen ikastolakide batek honakoa bota zidan azaroak 20 zituen egun batean: "Patxi zaharra hil da!". Eta ni, bere aurpegiko zoriontasuna ezin ulerturik, etxera abiatu nintzen arreba nagusiei azalpen eske.

Handik urte gutxira, borrokatutako Amnistia soilik euskal presoak etxera bueltatzea zela sinetsarazi ziguten, eta demokrazia jaioberriari koxkortzen lagundu genion estatuari bestelako erantzukizunik eskatu gabe.

50 urte igaro dira, eta azken boladan ez gaude hain ziur lortutako zenbait eskubide betiko izango diren ala ez, eta udazken epel honetan, urtero lez, oroitzapenak borborka dabilzkigu Bilboko ginekologia kontsulta batetik Madrilgo hotel bateko jantokira. Udazken epel honetan, txikitatik kalean ikasitako elkartasuna hitza esanahiz betetzen zuten balioek Areatzatik San Mames futbol-zelaira eraman gintuzten, Palestina gogoan eta gazatarrak bihotzean.

Emaitzak ez zuen garrantzirik, irabazlea garbi zegoen: egun horretan Bilboko kaleetan eta Euskal Herri osoan, Palestinar herria izan zen garaipena lortu zuena.

Biharamuneko adierazpenen artean, Palestinako futbol taldeko hautatzaile Abu Jazar-en hitzek hunkitu ninduten, erabat: "Euskal herritarrak dira inoiz izan dugun babesik handiena. (...) Bizitza osoan oroituko dut egun hau". Horregatik bakarrik merezi izan zuen larunbatekoak, baina ez dezagun ahaztu elkartasuna –tadamuna, arabiarrentzat– egunerokoan lantzen dela, su txikian, etengabe, balio gisa, beti aldean eraman beharreko bidaide moduan.

Udazken epel honetan, hotza dugu ate joka, hortaz, jantz ditzagun beroki egokiak, eta egin diezaiogun elkarrekin aurre gero eta gertuago dugun negu gorriari.

Iñaki Lazkano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago