Ezin zuen beste izenbururik eduki, ezin zen bestela izan; ez baita ulerterraza eutsi izana, ez baitu azalpen errazik hariak iraun izanak.
Gastehiz herritik euskararen hirira 1000 urte pasa dira, eta denbora tarte horretan gorriak eta beltzak pasa behar izan dituzte Gastehizko eta Bitorixako euskaldunek, harik eta, sasi-normaltasun egoera batean, beren hizkuntza propioa egunerokoan, edonon, edonorekin, edozertaz berba egin ahal izan duten arte.
Ez dira makalak izan garai txarrak, negu gorrian bizi izan baitira euskara eta euskaldunak mende luzeetan: debekuak, mespretxua, zigorrak eta ezinikusia; hala ere, eutsi izan zaio hariari, eta ez da erabat eten, nahiz eta euskararen presentzia hutsa, garai batzuetan, erabat sinbolikoa izan. Baina sinboloak oso garrantzitsuak izateaz gain, sarri, eraginkorrak ere izaten dira, eta Gasteizen nahikoa izan zen bertako zenbait biztanleren pentsamenduan euskara norberaren identitatearen edo izanaren zati banaezina zela erabakitzea, baldintza sozio-politiko egokiagoak lortu zirenean, egoera irauli, eta hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren aldeko hautu irmoa egiteko.
Makalak izan ez diren bezala harrez geroztik abian jarritako ekimenak, taldeak, proiektuak edo jarduerak; izan norbanakoenak: euskara ikasi eta erabili, zein taldekakoak: euskaltegiak sortu, talde euskaltzaleak eratu, proiektu komunikatiboak abian jarri edo kulturguneak sustatu, besteak beste.
Eta iritsi gara 2025eko irail honetara, indarge eta makal? Ala inoiz baino aukera gehiago baliatzeko paradan?
Norberak egin beharreko hausnarketa izango da hori ezbairik gabe, eta inoiz ez zuri ala beltz, baina nire lagun batek dioen bezala: baikortasunez jositako euskaltzale kezkatuak izan behar dugu, ezin bestela; "esperantza" marketin politiko hutseko eslogana izan beharrean, behaketa, azterketa eta eraginkortasuna lagun dituen elkar ekintza kolektiboa izan dadin, behinik behin.
Beraz, makal arbolak bizitzari heltzen dion bezala, euts diezaiogun hariari, eta izan dadila euskara gure hiriko biztanle gehienen loturarako haria, etorri berri zein bertan jaiotako, euskaldun oso edo erdipurdiko.
Euskararen haria aspaldi irun zen Gasteizko euskaldunen ahotan, orain mataza askatu eta txoko guztiak harilkatzea falta.
Badugu non, noiz eta nola, goazen elkarrekin bertara. Gastehiz herritik, euskararen hirira. Lotzen gaituen haria
Iñaki Lazkano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.