Artxipielagoak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2021ko eka. 12a, 10:00

Arg: Aiaraldea Gaur

"Utopia lagun, artxipielago izan gintezkeela otu zitzaigun, irla-multzo..."

Hainbeste conquis ikusi ondoren irletara ohituak ginen, eta ezin genuen pentsatu gure irlak eta besteenak artxipielagoa osa zezaketenik. Irla ginen, eta irlak gintuen. Uhartea izaki ezin genuen ur-artea baino somatu, ezker eskubi eta aurre-atze. Ekialde zein mendebalde, ipar eta hego.

Urez inguratutako taldeak ginen. Irlak.

Halako batean, sumendi ezberdinek su hartu zuten, eta geografia eraldatzeaz gain, geunden lekuetatik mugiarazi gintuzten, lekualdatu; edo orain esaten den bezala: gure konfort egoeratik atera, erauzi.

Sugarrek eta su-mingainek dantzan jarri zituzten irla txikiak, mugimendu eraldatzaileak abiarazi eta gure oinazpiko lurrak dardarka jarri, irletako biztanleok aldaketa iraultzaileak eta gizarte berdinzaleagoak izan daitezkeela pentsatzeko bidean jartzeraino.

Utopia lagun, artxipielago izan gintezkeela otu zitzaigun, eta irla izatetik irla-multzo izatera pasa gintezkeela pentsatu.

"Mugitzen ez den balea bat ez da bere isla, irla bera da",  xuxurlatu zigun norbaitek lau haizeetara.

Eta guk, mugimendua aldarri eta giltzarri, irlak batuz eta artxipielagoak osatuz, ozeanoan aurrera egitea erabaki genuen; eta horren ondorioz, inguratzen gaituen gizartea eraldatzen saiatu ginen, amesteko faktoriak lanean ipini genituen eta errealitate berriak sortzen ahalegindu ginen.

 

Esku-ahurrez ureztatzen nauzu

eta arrainez betetzen didazu barrua,

sinesten duzalako hainbat gauza arinek

mugi dezaketela handi bat.

- Anari -

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago