Bada lagun ugari desiratzen dagoena pandemia anker hau noiz bukatuko, behingoz, euskaldunon topikorik ohikoenarekin amaitzeko, txertatuta egonik txortan egiten hasteko, alegia. Eta desio horretan murgilduta, ETBko azpititulu egile haren gisan, maiz nahasten dituzte txertaketa eta "txortaketa", batzuetan nahita, besteetan nahi barik.
Baina badira beste lagun batzuk txertatu eta txoratu ere nahasten dituztenak, eta ondorioz, noraezean, purrustaldi antzuetan matxinatuta dabiltza. Lagun hauek neurri murriztaileez nazkatuta, eta askatasun ezaz haserretuta, txerto ezberdinen hedapen unibertsalari galga ipini nahi diote, eta sarri lagun arteko eztabaidetan askatasuna aldarrikatzeko aitzakian pandemiarik ez dagoela, edo bestela ere hiltzen dela jendea esateko adorea dute.
Gaixotasuna pairatu dutenek, hildakoen senideek eta lagunek, nahiz medikuek lekukotza argigarriak eman liezazkiekete, baina entzun nahi ez duenari ezin belarriak ireki, alferrik azalpen garbiak ematea. Nahiago dute bakarrik neurrien aurka purrustaka aritu, guztion hobe beharrez jendartearen osasuna bermatuko duen txertaketari baiezko borobila eman baino.
EAEko ospitaleetako larrialdi geletan, gaurko egunez, 127 lagun daude hil ala bizi, inguruan mediku andana lanean eta etxeetan senide eta lagun ugari esperoan. Ohe gehiago bete ez daitezen medikuntza arloko profesionalek eman dituzte aholkuak eta irizpideak, uste dut gure agintariek kontuan hartu beharko lituzketela.
Etorriko dira txortaldi berriak, txorta-jotze anitzak eta txortaleku atseginak, bien bitartean, besteenganako maitasunagatik eta elkartasunagatik, nahiz norberarenganako begiruneagatik, aukera ematen digutenean ekin txertatzeari, eta gero balizko geroko txortaketak.