Hiru zituen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2021ko mar. 3a, 15:47

"Martxoko ohitura batek erakarri zidan arreta batez ere, eta txunditzen nau oraindik..."

Gasteizera iritsi berri ohitura, egoera eta gauza ugarik erakarri zuten gure arreta, hirira heldutako ikasle gizajo-gaixoak. Alde Zaharreko tabernetako giro alternatiboak lehenik, negu gorrian pairatu beharreko hotzak bigarrenik eta bertako ohitura errotuak hirugarrenik.

Hiru ziren, eta hiru dira gaur egun ere.

Tabernetako giroa apaldu egin bada ere, eta larrialdi egoera inoiz amaitzen bada, esango nuke oraindik osasuntsu dirauela; osasuntsu eta borrokalari hein handi batean, bederen. Gainera, orduko Urtain ospetsuak seitan edo olo hanburgesa bilakatu dira zenbait ostatutan, gizarte eraldaketa gure gastronomia txikira ere heldu den seinale.

Neguko hotza ere aldakor, eta apaldu baino ia desagertu egin dela esan daiteke, ezta? Ez naiz ari noizbehinkako elurteez, aurten ere ederra izan baitugu, ezpainak mozten eta urratzen zituen hotzaz dihardut. Desagertu dira ekaitz izoztuak, hotz ikaragarriak eta txamarra ziztrinak saihestu ezin zituzten ipar-haizeak.

Eta hirugarrena, ikusi eta bizi genituen ohitura errotuak, herri baten izaera zizelkatzen duten gizarte, kultura eta bestelako jardunbideak. Aipa nezakeen Olarizuko erromeria edo Hala Bedi irratiaren ekimenak, Gabonetako ardo beroa edo prozesio ateoak, Santiago eguneko berakatz azoka edo muino gaineko Gaztetxea; baina horiez gain martxoko ohitura batek erakarri zidan arreta batez ere, eta txunditzen nau oraindik...

Hiru zituen martxoak artean, aurten bezala hiru, eta Gasteizko hiritarrak, nekaezin, burugogor, kaleak hartu zituzten eta hartuko dituzte justizia eske, martxoko bost hilotzak gogoan.

Hiru zituen martxoak, eta izango ditu aurrerantzean, berdin astelehen ala larunbat, beti aldarrikapen egun, betiko ohitura egin zaigun Martxoak 3.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago