Badoaz, belaunez belaun, behinolako gizasemeak eta semealabak, badoa belaunaldi bat denborak eta gaixotasunek ez baitute errukirik; badoaz, tai gabe eta modu ezberdinetan, baina inguruan dolua utzita.
Eta umezurtz utzi gaituzte beren bizitzak borroka eta aldarrikapen gune bilakatu zituztenek, umezurtz eta txiro utzi gaituzte bizitza osoan zapalkuntza oro salatuko zutela beren buruei zin egin zieten haiek; gu sasi-iraultzaile izatera iritsi ez garen Che Guevara zale ziztrinak umezurtz utzita.
Pasa den mendearen 60ko hamarkadako gazte batzuez ari naiz, han eta hemen diktadura mota ezberdinei aurre egin zietenak, batzuk armak eskuan, besteak hitza eta ekintza soinean; langile asanbladetan zaildu eta gogortu ziren emakume eta gizonak. Gasteizen 1976.eko martxoaren 3ko egunaren bueltan kaleak nahiz elizak bete, eta lantegiak hustu zituzten langile borrokalariak.
Umezurtz utzi, baina harro sentiarazi, inoiz inon haiekin bilerak edo barrikadak partekatu genituelako; inoiz inon bidegabekeria baten kontra zutitu eta aurre egin geniolako. Izan ere, bizitzaren zentzu handienetako bat ez al da hori, zapalkuntza egoerez jabetu, ahotsa altxatu, borrokatu eta jendarte hobea izaten saiatu?
Badoaz belaunez belaun, eta espero dezagun berriak etortzea. Badoaz apurka apurka gaurko eskubideak lortu zituztenak. Etorriko ahal dira biharkoak borrokatuko dituztenak!
Duela egun batzuk Jesus Naves joan zitzaigun, Gasteizko langile borrokaren erreferenteetako bat; eta ezagutu genuenok beti izango dugu, zati batean behintzat, gure gogoan, gurekin.