Ateak zabaldu zituenetik zaila egin zitzaigun bere izena zuzen esatea, taxuz ahoskatzea. Izan ere, Ajuriaenea, Kristinaenea, Arotzenea, Sanzenea eta abarrei jarraiki, Plateruen etxeari Plateruenea zegokiola pentsatzea zen errazena edo buruak eskatzen ziguna, behinik behin.
Bada, horretan ere aldrebesak gure Durangaldeko lagunak, eta plateru ezagunen omenez altxatutako kulturguneari Plateruena Kafe Antzokia izena ipini zioten, beharbada jauntxo ukitutik urrundu, eta aire herrikoia islatu nahian, hau da, eskualdeko plateru euskaltzaleen etxe izan guran. Eta lortu zuten, zinez, kultur egitasmo ederra eraiki baitzuten herriko Mataderu zaharraren hondakinak berreraiki eta hormak zutitu ostean, Berbaro elkartearen babesean ateak zabaldu ondoren.
18 urte igaro dira geroztik, eta urte hauetan guztietan hondakinen artetik kultura ernatu da eta ernamuin oparoak eman ditu proiektu honek, eskualdeko euskaltzaleentzat eta kulturzaleentzat erreferentziazko gune bilakatu arte. Tamalez, iraila amaitzearekin batera jakin genuen ateak ixtear dituela plateruen egoitzak, ez dela zilar gehiagorik landuko Landako gunearen alboko antzokian.
Jakin bagenekien Plateruena urte latzak ari zela pasatzen, eta bazkideen eta herritarren gogoa eta sustengua ez zirela nahikoa izango egoera zailari, ohitura berriei eta udal politika zaharrei aurre egiteko, baina, hala ere, beste zerbait espero genuen Durangoko, Bizkaiko eta EAEko agintariengandik.
Euskal kulturaren arnasgune bat itotzen utzi dute, euskararen birika bat arnasestutzen, kulturgune osasuntsu bat gaixotzen...
Arrazoi ugari aipatu dituzte bazkideek eta kudeatzaileek, baina gaude erakunde publiko ezberdinen laguntzarekin egoera ezberdina izan zitekeela. Beraz, gure kritika garbia da: asko gutxi da, eta gure hizkuntzak eta kulturak ahalegin izugarriak beharko dituzte XXI.mende globalizatu honetan biziraun nahi badute.
Eutsiko al dio Durangoko Udalak kultur azpiegitura hau biziberritzeko erronkari, eta asmatuko al dugu gainontzekook gure kultur egitasmo euskaltzaleak sustengatzen?
Beude gure kulturaren birikak,
beude neguan epela eman ziguten doinuak,
zuekin bizitako uneak.
Bego Plateruena, eta beude plateruak,
ez dadila haria eten!