Nondik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2020ko ots. 16a, 19:00

"Ez dugu ostraka harrigarrien beharrik gure historia osatzeko".

Gure aitak esaten zuen Einstein-ek baino lehenago asmatu zutela erlatibitatearen legea euskaldunek. Fisikari handiak erakutsitakoaren arabera, denbora eta espazioa ez ziren balio finkoak, erlatiboak baizik, hau da, erabiltzen dugun erreferentzia esparruaren araberakoak omen.

Eta naturaren lege hori kultura guztiek beren ondare propioan ondo gordeta izan arren, antza, euskaldunok ginen jakituria horren oinordeko eta zaindari gure aitaren aburuz. Gure hizkuntzaren muinean, DNAn islatzen ei zen, eta oraindik sumatzen omen da, izadiaren erregela nagusienetakoa: denbora eta espazioa ez direla balore absolutuak, erlatiboak direla, so egiteko lekuaren edo baldintzen araberakoak, alegia.

Mendia nondik begiratu, horrek esango digu nolakoa den.

Hori egia izaki, eta erlatibotasuna legetzat hartu arren, bada garaia euskaldunok geure zilborrari begiratzeari uzteko eta geure nolakotasuna normalizatzeko: ez gara Tubal eta Tarsis-en ondorengo zuzenak, ezta Babel dorretik erauzitako hizkuntzetako bat, are gutxiago Homo sapiens sapiens gizakien oinordeko zuzen berbakideak.

Gaur egungo euskaldunok hori baino ez gara, XXI. mendeko hiztun estresatuak eta kezkatuak, framing berrien eta zaharren arteko hiztun egoskor samarrak, hori baino ez. Eta hori dena.

Eta ez dugu ostraka harrigarrien beharrik gure historia osatzeko. Badakigu nondik gatozen, baina are garrantzitsuagoa dena, lantzen ari gara nora joan nahi dugun, zer hiztun komunitate osatu nahi dugun eta nolako baliabideak behar ditugun.

Zilegi da erlatibotasuna, bidezko mendiari leku ezberdinetatik begiratzea, baina iruzurrik ez, mesedez.

"Gu gauden lekuan da mundua" entzun nion aurreko baten Mixel Etxekopar handiari, eta ederra iruditu zitzaidan, baina gure mundua eta ondokoena, ez Jaungoikoak aukeratutako herriarena, edo unibertsoko esentziak bere hizkuntzaren baitan gordetzen dituenarena.

Herri duina izaten segitzen dugu, bere hizkuntza maite eta zaintzen duen herria; aurrerapauso ugari eman ditugu –itzelak Araban!–, ez dezagun iruzurrekin zikindu; ez dugu behar, eta ez da beharrezko. Nondik ala nora?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago