Itsasikarak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2019ko aza. 14a, 10:34

"Normalean periferietan, bazterretan, sortutako astinduak zentroari ere eragiten dio"

Duela urte batzuk ezagutu genuen hitzaren esanahia eta geroztik denon ahotan ibili da modu batera edo bestera. Bere jatorrizko esanguran ezbeharra eta hildako ugari eragin izan dituen arren, gugandik gertuago itxaropenerako aldarri bilakatu zaigu hitz hori.

Izan ere, Espainiako lurraldeetan, eta hiriburuan batez ere, erreka eta ibaietako urak oso nahastuta eta zikin datozen une hauetan, Herrialde Katalanak bustitzen dituzten Mediterraneo iparraldeko urek harro eta sendo astintzen dute kostaldea.

Hain gogor ezen Pirinioak ukitu, jo eta Euskal Herriko kostaldera iristeko gai ere izan diren. Pentsa nolakoa izan den erauntsia!

Egunotan Madrilgo Gorteetan Francoren hilotza ere musugorrituko luketen jarrera lotsagarriak ikusten ditugun bitartean, periferietan azaldu da esperantza, duintasunaren babeslekua. Eta VOX-ekoen kurrinkak gero eta ozenagoak diren hauetan, #TsunamiDemocratic mugimenduaren haize eta ekintza ausartek garbituko dute airea, zabalduko dizkiote ateak demokraziari.

Bien bitartean, badugu Espainiako presidente berria aukeratzeko aurreakordioa, antza; babes nahikorik ez dute, ordea. Euskal Herrietatik gomendioa Madril aldeko sasi-agintariei: normalean periferietan, bazterretan, sortutako astinduak zentroari ere eragiten dio, eta denbora kontua izaten da eragina somatzea. Memoria, demokrazia eta duintasuna hobeto gordetzen eta elikatzen direnez zentrotik urrun, benetan balore horiek bere jardunbide politikoaren muinean izan nahi dituenak begira beza ezkerretara eta behera, iparraldera eta ekialdera, bereziki. Egokiago eta zuzenago egingo du bere bidea.

#TsunamiDemocratic katalanentzat "martrèmol" eraldatzailea izan daitekeen bezala, ni neu Kantauriko itsasikara euskaldunen esperoan ibiliko naiz, itsasikara matxinoei lotuko natzaio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago